Joan edukira

ESPAINIAKO FUTBOL FEDERAZIOKO LEHENDAKARIAREN FIKZIOZKO GUTUNA 2023ko EMAKUMEZKOEN FUTBOLEKO MUNDUKO TXAPELKETAN DOMINAK BANATU ONDOREN EGINDAKO AKATSENGATIK BARKAMENA ESKATUZ

abuztua 24, 2023

“Barkamena eskatzen diot Jenni Hermosori, egin ahal izan diodan kalteagatik. Oro har, barkamena eskatzen diet emakumeei; izan ere, gertatu zen unean eta nik ordezkatzen dudan rola kontutan hartuta, emakumeei dagokien eta merezi duten duintasuna eta errespetua bermatzeko ekintza oso negatiboa izan da. Jarrera horrek, gizonok errespetuz eta berdintasunez tratatu ditzagun egiten ari diren ahalegina ere kaltetu baitu. Ahoan musua emateaz gain, gainerako jokalariak ere besarkatu nituen, lurretik altxatuz eta haiekiko hurbiltasun fisiko handiegia sortuz. Uste dut mugak gainditu nituela, ez nintzela zuzen jokatzen ari, une berezi horretaz baliatzen ari nintzela daukagun harreman-motari eta erakunde honetan betetzen dudan karguari ez zegokion zerbait egiteko.

Sentitzen dut, ez zen inoiz gertatu behar. Sentitzen dut haiei guztiei egin ahal izan diedan kaltea, eta Jenni Hermosori bereziki. Aitortzen dut nire adibideak oztopatu egiten dituela gizonen pareko pertsonatzat hartzeko egiten dituzten ahaleginak, gu bezain errespetu osoa merezi baitute. Hitz ematen dut ez dudala horrelakorik hemendik aurrera errepikatuko, ez Jenni Hermosorekin, ez beste ezein emakumerekin. Nire esku dagoena egingo dut nire jarrera eta pentsaerak berrikusi, zuzendu eta aldatzeko, emakume batekin nagoenean, eta bereziki Jenni Hermosorekin, zuzen joka dezadan. Aitortzen dut oraindik asko daukadala ulertzeko emakumeek emakume izateagatik jasaten dituzten tratu txarren gainean, eta nire ezjakintasuna dela eta, ez dakidala nik neuk nola laguntzen diodan tratu txar horri. Onartzen dut matxismoak eta sexismoak nahastu egiten nautela, eta baldintzatu egiten dituela nire hitzak, nire ekintzak, nire pentsaera… honetan eta beste batzuetan ikusi ahal izan den bezala.

Horregatik, uste dut nire aldetik koherenteena lehenengo ilaratik erretiratzea dela, eta horrek lagunduko dit nire nagusitasun-posizioak elikatutako horrelako akatsak egiteari uzten. Berriz ere inongo erakunde publikoren ordezkari izatea pentsatu baino lehen, gizon naizen aldetik zer gertatzen zaidan berrikusteari ekingo diot. Ez dut neure burua behar bezala jokatzeko prest ikusten, ez dut horren guztiaren kontzientzia nahikorik; beraz, neure buruari, emakumeei eta gizon guztiei egin diezaiekedan mesederik onena umila eta zintzoa izatea da.

Uste dut, halaber, niri horrelako zerbait gertatzen bazait, seguruenik beste gizon batzuei ere gertatuko zaiela. Orain uler dezaket gutako batzuek protagonismoa lapurtzeko joera izan dugula, deseroso sentiarazi gaituela arreta guztiaren fokua haiengan egon izanak, eta ez gugan, ez baitugu onartu ez gaituztela behar arrakasta izateko. Nire buruari galdetzen diot ez ote litzatekeen hobe emakume batek entrenatzea eta ordezkatzea, agian oztopo bat gutxiago izango luketelako bidean.

Eskerrik asko zuen arretagatik, nire hitzekin egoera bidegabe hau konpontzen laguntzea espero dut. “

Sinatua: “Piper Txuriak” Bilboko Berdintasunaren aldeko Gizonen Elkartea.

Testu honen bidez, maskulinitate tradizional patriarkalaren eta sexistaren ereduarekin amaitu nahi duten gizarte-ahaleginetan lagundu nahi dugu, eta eredu hori emakumeekiko errespetuzko eta haiekiko berdintasunean oinarritutako harremanen aldeko maskulinitate-modu berrietan eraldatu. Gure interesa da eredu tradizional horren irrazionaltasuna azpimarratzea, bidegabekeriari aurre egitea eta baliabideak eskaintzea gero eta gizon gehiagok norabide horretan aurrera egin dezaten.

Erantzunak itxita daude.