Joan edukira

BI ESKUEKIN MAITATZEN DUGUNEAN BORROKA DESAGERTU EGITEN DA

martxoa 27, 2022
tags:

Hona hemen gure kide batek maskulinotasun berriarekin lotuta dagoen idatzi duen artikulua. Idazkian hainbat gai agertzen dira: guda, bakea, maskulinotasuna, gizonen menperakuntza, patriarkatua, entzuketa, maitasuna, gizonek jasotzen duten zapalketa, etabar.

Nire jardueren gaia honako hau izaten da: “maskulinitatea eraldatzea maitasuna eraikitzeko”. Nire ustez, horrek gudaren eta indarkeriaren muinean jotzen du bete-betean. Hori are garrantzitsuagoa da kontuan izaten badugu gerra horiek indartu egiten dutela gizonezkoen bizia sakrifikagarria dela eta haien rol nagusia gudariak izatea dela dioen ustea.

“Guda bat justifikatzen dudanez geroztik, gudak irabazi egin dit, nire gizatasuna pitzatuta suertatzen baita. Pitzadura horretatik, mundu honetan nagusi diren sinesmen-sistema eta balio kapitalistak eta patriarkalak –belizismoa, bereizkuntza, mesfidantza, indarkeria, menderakuntza, indibidualismoa eta horiek dakartzaten zapalkuntza guztiak– nire buruan sartuko dira eta nire osotasuna inbadituko dute”.

“Bi eskuekin maitatzen dugunean, borroka desagertu

egiten da”

Aurkezpena:

Ondokoa testu luzea da, beraz, irakurketa errazteko, hiru zatitan banatu dut. Lotura dago zation artean, baina, era berean, bakoitzak eduki propioa du. Nahi baduzu, zati horietako bat soilik irakur dezakezu, edo hirurak pixkanaka. Nire asmoa da guden, bakearen eta giza harremanen inguruko pentsamendu kolektiboari lagunduko dion beste begirada bat gehitzea. 1-Gudarekin lotutako esperientzia pertsonalak. 2-Hortik etorritako hausnarketak eta galderak. 3-Giza errealitateari buruzko nire usteak eta nire aukera pertsonalak.

1. zatia.- Gudarekin lotutako esperientziak

Gerraren irrazionaltasun erabatekoak emozionalki astintzen nauenean lagungarri dut gudako beteranoei (nahiz gizonezkoei nahiz emakumezkoei) entzundako testigantzak gogoratzea. Haiek gerrari buruzko oroitzapenak zehatz-mehatz azaldu zituzten, baita gerrak nola eragin zien beraiei eta maite zituztenei ere. Beren traumak erakutsi zituzten, eta gerrak haiengan utzitako arrastoa ulertu nuen.

Pertsona hauek beste pertsona batzuk hil zituzten borrokan. Haiek ere bizia galtzeko zorian izan ziren; beren ardurapeko soldaduak hiltzen ikusi zituzten; torturak eta espetxea pairatu zituzten; gerran nagusitu zen taldekoak ziren batzuk; derrotatuak bestetzuk. Kontakizun hauek hona ekartzeak laguntzen dit ez ahazten tanke baten barruan dagoen gizona beldurrak izoztutako gizaki bat dela, tentsioagatik isolatuta eta erabat gogortua dagoena. Hiriak inbaditzen eta bonbardatzen dituzten horiek sufritzen ari diren eta irrazionaltasunaren biktimak diren gizakiak direla, eraso horietan hiltzen diren pertsonak bezalaxe.

Beterano horietako bi, 1936ko gerran izan ziren nire bi aitonak. Hilda daude biak, dagoeneko. Haiek, modu batera edo bestera, jakin zuten niri azaltzen geopolitikaren, datuen, analisien, nazioen eta estrategien atzean biziki sufritzen ari diren pertsonak daudela eta sufrimendu hori berdin-berdin gertatzen dela bando edo bandera batean zein bestean. Gerra hartan, gizateriak lehen aldiz jasan zuen hiri eta herriak bonbardatzea.

Nire aitaren aldeko aitona alderdi galtzaileko hegazkin-pilotua izan zen. Hiru urtez ideologia nazi eta faxistadun europar armaden aurka borrokan aritu ondoren bizirik iraun zuen bakanetako bat izan zen. Aireko borroka askotan parte hartu zuen. Gobernu demokratikoak Sobietar Batasunari erositako hegazkin bonbardatzaile batean metrailadoreaz tiro egitea zen bere eginkizuna. Seguru da hildako pilo bat eragin zuela. Gerra amaituta, Frantziara hanka egin zuen fusilatu ez zezaten. Han,

kontzentrazio-esparru batean giltzapetu zuten, eta handik ere ihes egin zuen. Emakume frantses batek hartu zuen etxean armada naziak Frantzia inbaditu zuenean. Ez zen inoiz itzuli familiarengana, eta ez zituen bere seme-alabak ezagutu.

Amaren aldeko aitonak kanoi tiroak jaurtitzen zituen beste aitonaren armadaren aurka. Zaila da jakiten zenbat pertsona hil zituen, proiektilak oso urrutira jaurtitzen baitziren. Gerrako istorioak kontatzeko eskatzen nion, zer zen ulertu nahi bainuen, baina gauza asko beretzat gorde zituen berak, eta ez zituen inoiz azaldu nahi izan. Beti erantzuten zidan: “Nahi nuke zuk sekula gerrarik pairatu behar ez izatea”. Gizon horrek zaindu eta maite egin ninduen.

21 urterekin, 35 urtetan intentsitate txikiko gerra batean murgilduta zegoen herrialde batera joan nintzen bizitzera. Gerra hau herri milizia klandestino baten eta armada boteretsu baten artekoa zen, eta jendearen bizitzan eragin handia zuen. Harremana izan dut borrokalari ohiekin, torturatuekin eta gerra honen ondorioz espetxealdi luzeak jasan dituzten pertsonekin. Horren inguruko bizipenak eta sentimenduak entzun dizkiet, eta horrek haien osasun emozional eta fisikoan izan duen eragina ikusi dut.

12 urtez parte hartu dut Guda eta Genozidioko Zauriak Sendatzen EBren proiektuan, Polonian egindako aurrez aurreko topaketetan. Han, guda-bizipenei buruzko hamaika testigantza pertsonal zintzo entzun ditut, bost kontinenteetako eta jatorri oso desberdineko pertsonek azalduta. Ordu asko eman ditut, halaber, gerren inguruko nire testigantza kontatzen. Gure artean konfiantzazko harremana sortu dugu, gure jatorrizko kulturatik eta gizarteetatik etor litekeen edozein urruntze edo gatazka gainditzen duena.

2. zatia.- Nire gogoetak eta galderak

Arma batez tiro egiten dugunean, gizakiak eta bestelako izaki bizidunak hiltzen dituzte haren balek eta bonbek; era berean, suntsitu egiten dituzte esfortzu eta baliabide inbertsio handiaz sortutako gauzak. Horrexetarako egin eta asmatu ziren armak. Horixe da haien helburu bakarra, ez besterik. Guk ideiez eta sinesmenez jantzi ditzakegu: askapena, eskubideak, defentsa, justizia, babesa… baina arma horiek ez dute sentimendurik, ez errukirik, ez errespeturik, ez maitasunik, ez ideologiarik. Beren eginkizuna betetzeko daude soilik: hiltzea, zauritzea eta suntsitzea. Armen mozorroak aldatu egin ditzakegu, baina ez haien ondorioak.

Guda batean parte hartzera eraman nezaketen arrazoiak gorabehera, gerra horri zilegizkoa eta zuzena iritzita ere, neu izango naiz nire ekintzen ondoriozko heriotzen erantzulea, neu izango naiz beste horien hiltzailea, berdin dio nire burua defendatzeko izan den edo arerioak garaitzeko izan den. Beharbada ez ditut inoiz haien gorpuak ikusiko, beharbada ez dut inoiz jakingo zer gertatu zen nire tiroaren ondoren, baina jakin badakit tiro egiterakoan zein izan zen nire xedea.

Guduan nire adiskideak, nire miliziakideak, nire senideak edo nire eskualdeko basoa eta bere animaliak hiltzen direnean; leherketa baten edo metraileta-tiro sorta baten ondoren heriotza eta suntsipena ikusten, usaintzen eta sentitzen ditudanean; horiek guztiek nire zentzumen eta sentimenduak kolpatzen dituenean; nire bihotza ilundu egiten da, nire bizitzeko ilusioa desagertu egiten da, ondoriozko min emozionalak gaixotu egiten nau… eta zauri horiek nire baitan iraungo dute betiko.

Nik egindako tiroak beste pertsona bat edo pertsona-talde bat hiltzen edo zauritzen duenean, haren lagunek, lankideek edo senideek biziki sufritzen dute heriotza horiengatik. Haien mina eta nirea berdinak dira, tonu eta intentsitate bera dute, eta min horrek gaixotu egiten ditu, ni nireak gaixotzen nauen bezala.

Zer egingo dut min horrekin? Zer egingo dut nire oroitzapenekin? Zer egingo dut sekula lasai egongo ez den nire gogamenarekin? Zer egingo dut pertsonak hil ditudala jakitun izateak bizkarreratu didan zamarekin? Beharbada nire buruaz beste egingo dut. Beharbada nire larritasunak ez dit lo egiten utziko. Ziur aski, sistema medikoak nire etsipena ezkutatzeko droga psikiatrikoekiko mendekotasunera bultzatuko nau, eta bazter batean nahastuta eta bakartuta utziko naute.

Zer egingo dut nire gorrotoarekin? Zer egingo dut nire maitasunarekin? Nola itzuliko diet nik kendutako bizia edo osasuna nire aurka borroka zitezen norbaitek behartu, engainatu edo manipulatu zituen horiei? Nola nahi gabe ere hil nituen horiei? Edo hilda nahiagoko al ditut? Zer egingo dut neure buruarekin kapaza ez naizelarik irribarre egiteko, lasaitzeko, gozatzeko… gizakiarekiko errukirik sentitu ezin dudalarik? Gerra irabazi al nuen, ba? Hori al da irabaztea?

3. zatia.- Nire sinesmenak eta aukera pertsonalak

Gerra batzuetan beharrezkoa eta “logikoa” dela uste dudanez geroztik; aberria edo ideia bat bizi bat baino garrantzitsuagoa dela uste dudanez geroztik; bando batekin bat egiten dudanez geroztik; gerrak askatasuna ekar dezakeela uste dudanez geroztik;… horiez geroztik gerrak irabazi egin dit, nire gizatasuna pitzatuta suertatu da-eta. Pitzadura horretatik, mundu honetan nagusi diren sinesmen-sistema eta balio kapitalistak eta patriarkalak –belizismoa, zatiketa, mesfidantza, indarkeria, menderakuntza, indibidualismoa eta horrek dakartzan zapalkuntza guztiak– nire buruan sartuko dira eta nire osotasuna inbadituko dute.

Une horretantxe hasiko naiz pentsatzen arrazoizkoa dela pertsonengandik urruntzea, gizakiak mehatxutzat hartzea eta gorrotatzea. Ondorioz, ez naiz seguru sentituko, larri eta beldurrez biziko naiz, babesa edozein preziotan erosteko prest egongo naiz… Era honetan ahul bilakatuko naiz, eta onartuko dut zenbait kasutan zapalkuntza beharrezkoa dela, pertsonen artean benetako bereizkuntza eta gatazka dagoelakoan. Ate hori irekitzen dudanean, nire ontasuna eta maitasuna kaltetuko ditut.

Zenbat eta gehiago urruntzen naizen kapitalismotik eta horrek eragindako kaosetik, orduan eta gaitasun txikiagoa dute bere mezuek eta ideologiak niri min egiteko. Gizon naizen aldetik jantzita dudan armadura maskulino patriarkaletik zenbat eta gehiago askatzen naizen, orduan eta leku zabalagoa uzten dut femeninotasunaren jakituria nire baitan errotzeko, eta horrek maitasunetik bizitzen laguntzen dit. Mendebaldeko kultura zuri patriarkalaren sinesmenak zenbat eta gehiago aldentzen ditudan neure burutik, orduan eta gehiago ikasten dut nire neba-arreba indigenengandik, eta haiek gogora ekartzen didate dena bat dela bizitza honetan, baita gizaterian ere. Zenbat eta orekatuago nagoen nire baitan, orduan eta gehiago bizi naiz lankidetzan, senidetasunean, elkartasunean, entzuten, zaintzen, eta nire ekintzek garbiago islatzen dute ikuspegi hori.

Guatemala etengabeko gudan dagoen herrialdea da. Indigenek nozitutako genozidioak suntsitua du herrialdea. Bi aldiz lan egin dut han gizonekin, mintegiak zuzentzen. Horietako batzuk gudako errefuxiatuak eta gudari ohiak ziren. Han horma batean idatzita ondokoa aurkitu nuen: “Neurezko armez soilik nekien borrokan nik: zintzotasunaz, samurtasunaz eta maitasunaz”. (Egilea emakumezkoa da). Nire jardueren gaia honako hau izaten da: “maskulinitatea eraldatzea maitasuna eraikitzeko”. Nire ustez, horrek gudaren eta indarkeriaren muinean jotzen du bete-betean. Hori are garrantzitsuagoa da kontuan izaten badugu gerra horiek indartu egiten dutela gizonezkoen bizia sakrifikagarria dela eta haien rol nagusia gudariak izatea dela dioen ustea.

Bizitzari horrela begiratzen diodanez, bizitzak konponbide baketsuak eskaintzen dizkit behin eta berriz, eta baieztatzen dit egiazkoa dela nire ustea: bakeak bizi banau, bakea sortzen dut nire inguruan. Ez naiz bakearen alde borrokatzen, baizik-eta saiatzen bakeaz ontzen nire pentsamendu eta hitz oro. Horrela, nire ekintzek bakea sortzen dute. Horixe da nire erronka nagusia; izan ere, patriarkatuak eta kapitalismoak konbentzitu nahi naute bizitza pertsona on eta txarren arteko dualtasunean oinarritzen dela, lagun eta etsaien artekoan. Horrela, ni horretaz jabetu gabe, haien laguntzaile bihurtzen naiz. Adibidez, armetara jotzeko arrazoi logikoak sinetsita.

Mila esker gutun hau irakurtzeagatik.

Bakean bizi zaitezen opa dizut.

Juan Manuel Feito

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: