Skip to content

BATXILERGO IKASLEENTZAKO HITZALDIAREN GIDOIA: matxismoa

abendua 7, 2017

Gasteizko Miguel de Unamuno BHI-ren ikasleen lau taldei bi hitzaldi eman genituen, eta hauxe da gidoiaren zati bat:

(…)Halere, jaiotakoan, ohartzen gara hartu gintuzten pertsonak beste modu batera bizi zirela, eta gurekin beste mota bateko harremanak zituztela. Ez zuten ulertzen guk ulertzen genuena.

Eta latzena: ez ziguten uzten negar egiten; negar egitea galarazten ziguten egiten genuenean urduri sentitzen zirelako. Hala, gure sufrimendua arintzeko berezko modua eragotzi ziguten, gure zailtasunak, frustrazioak, beldurrak, min fisikoak eta abar kudeatzeko berezko era.

Espero ez genuen beste zerbait gertatu zen: helduek genero bat esleitu ziguten. Gure sexu-organoei begiratu eta, nolakoak ziren, pertsonak bereizten zituzten. Guretzat, pertsona guztiak berdinak ziren, gorputz desberdinak genituen, beste barik. Ez genion garrantzi berezirik ematen sexu-organo bat ala beste izateari.

Gure sexu-organoek gure izaera erabaki zuten, zer gustatu behar zitzaigun, nola jokatu behar genuen, norekin eta nola izan behar genituen harremanak, zein lanbidek piztu behar ziguten interesa, nola jantzi behar ginen, nola sentitu behar genuen. Ezkutuko curriculum bat sortu zen –arauen kode bat, inork aipatzen ez duena, baina denen artean iraunarazten dena–. Zirimiri horrek jaio ginenetik blaitu gaitu, barreneraino; gure nortasuna finkatzen duen etengabeko euria da. Jantzi hori denok daramagu soinean, baina ez gara ohartzen, eta uste dugu gure berezko azala dela.
“Neskatila” – femeninoa esleitu bazizuten, zure kolorea arrosa zen, belarritakoak zenituen, eta ile luzea. “Mutikoa” – maskulinoa esleitu bazizuten, zure kolorea urdina zen, zure ilea motza, eta ez zeneraman belarritakorik. Hori kanpoaldekoa besterik ez da, itxura. Hala ere, kanpoko sinbolo horien azpian, barrenean, bereizketa askoz ere sakonagoa da. Prestaketa – entrenamendua hasten da, “emakume” ala “gizon” bihur zaitezen.

Pertsonak generoaren arabera bereizten dira jendartean beteko dituzten funtzioak bereizteko. Neskatilengandik espero da helduak direnean ugaltzea, umeak haztea, pertsonak zaintzea, gizonentzat erakargarriak izatea, gizonen zerbitzura egotea, familiari eustea eta hura zaintzea. Mutikoengandik, berriz, espero da helduak direnean zuzendariak izatea, segurtasuna eta babesa bermatzea, menderatzea, armak erabiltzea, indarkeriaz eta borrokaz baliatzea, lan arriskutsuak egitea, gehiegizko esfortzua jasatea.

Mutikoak tratatzen gaituzte funtzio maskulino horiek betetzeko gai izan gaitezen. Prestatzen gaituzte gogorrak izateko, erresistenteak, ausartak, zakarrak, trebeak arlo fisikoan eta ekintzan, eta jarduera arriskutsuak egitea onar dezagun.
Horregatik ukitzen gaituzte neskatilak baino gutxiago, errazago onartzen da borroka gaitezen eta borroka gustuko izatea, armekin-gerrekin-superheroiekin loturiko jostailuak oparitzen dizkigute, gure bideo-joko eta marrazki bizidunak borrokarekin eta indarkeriarekin lotuta daude; horregatik lotzen dira gure jolasak, kirolak eta zaletasunak beste batzuk baino gehiago edo hobeak izatearekin eta irabaztearekin.

Hauxe da gure jokabidea baldintzatzeko eta “gizon” bihurtzeko entrenamenduaren gakoa: galaraztea hauskorrak izatea, ahulak, sentiberak, samurtasuna eta laztanak behar izatea; espero izatea ez eskatzea laguntza emozionala, eta gure sufrimendua gure kabuz gainditzea; espero izatea koraza bat eraikitzea, edozein kolpe fisiko eta emozional pairatu ahal izateko.

Horregatik ez da onartzen edo jasaten gure negarra, horregatik agintzen digute negarrik ez egiteko, eta horregatik umiliatzen gaituzte egiten badugu. Horixe da gure gizatasunaren kontrako erasorik larriena, benetan garenarekin eta sentitzeko dugun gaitasunarekin harremanetan egoteko gure ahalmenaren aurkako erasorik larriena.

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: