Joan edukira

GURE HITZAK ‘ZIRGARI SARIAK’ EKITALDIAN

martxoa 13, 2016

Hitzaldi osoa hau da, nahiz eta ekitaldian laburragoa izan.

 

SARI BANAKETAKO HITZAK

Eskerrik asko sari hau emateagatik. Gure ustez, gizon-talde guztiei eskainitako aitorpena da, gurekin batera gizonen eta emakumeen arteko harreman justu eta parekideen alde lan egiten dutenei. Beraiek gabe, askoz ere zailagoa izango litzateke bide hau egitea.

Gizonok oraindik ez gara mugimendu sozial bat. Momentuz, “mugimendutxo” bat besterik ez gara, baina, oraindik txikia izan arren, beharrezko “mugimendutxoa”.

Espero dugu sari honen bidez gizon gehiagok ikustea beren burua gure proposamenean islatuta; eta espero dugu hori sentitzen ez dutenak ez izatea oztopo aldaketa-bide honetarako. Era berean, berdintasuna oztopatzen duten gizon horien kasuan, nahi genuke sariak balio izatea ez daitezen sentitu gizonen kolektiboak babestuta. Gure ardura da haiei garbi esatea hori ez dela bidea.

Era berean, balio dezala laguntzeko ulertzen sexismoarekin bukatzea eta berdintasuna eraikitzea denoi dagokigula, emakumeei zein gizonoi.

Gizonengan aldaketa eragiteko egiten dugu lan, jokabide-aldaketa, ideologikoa, politikoa eta psikologikoa eragiteko. Finean, beharrezkoa dugu aldaketa soziala ez ezik, norberaren barren-barrenekoa ere; izan ere -eta bereziki-, gure eguneroko ekintza txikiez eta jokabideaz lagundu egiten dugu emakumeen gaineko zapalketa eta guztioi eragiten digun menderakuntza maskulinoa errepikatzen, sendotzen, zuritzen eta babesten.

Berdintasuna ez da soilik helburu bat; batik bat, norbanako bakoitzak barneratu beharreko prozesua da, nork bere barrutik, eguneroko ekintzen bidez.

Guretzat, sari hau EZ da oparia, betetzeko dagoen eginkizun baten eskakizuna baizik: gizonak garen heinean, sexismoarekin bukatzeko erantzukizuna daukagu, etekina ateratzen diegulako gizon jaiotze hutsagatik ematen dizkigun pribilegioei eta botereari.

Eskakizun hori baliabideekin eta adorezko hitzekin batera dator, aurrera jarrai dezagun zabaltzen gizonoi ere onurak dakarzkigula, eta ugari, ontzi honetara igotzeak. Aditzera eman behar dugu Feminismoaren ondoan nabigatzea gizonen alde egitea ere badela, eta berdintasunaz hitz egitea badela gizonok estutzen gaituen eta gizatasuna kentzen digun eredutik askatzeaz hitz egitea.

Argi utzi nahi dugu ez garela gizon bereziak, edo beste batzuk baino hobeak; ondo baino hobeto dakigu talde hauetan gabiltzan gizonok ere jarraitzen dugula zenbait jokabide sexista garatzen, edo mikromatxismoak, eta gure begiek itsu jarraitzen dutela horiei dagokienez. Azken finean, hainbeste mende patriarkatuaren eraginpean ez dira aldatzen zenbait bilera eginda. Horregatik, onartu beharra daukagu lotsa apur bat sentitu genuela saria jasotzea proposatu zigutenean.

Halere, egia ere bada aldatzeko geure erabakiak eta gure ahaleginak emaitzak eman dituztela, eta horixe da gure talde-lanean islatu dena… baita gaur balioesten ari dena ere. Badakigu lan handia dugula egiteko, eta, batez ere, emakumeen gidaritzapean egin nahi dugu, eurak baitira zeregin honen protagonistak, hala nola begiak irekitzen laguntzen digutenak.

Honelako sari batek bultzada ematen digu bide honetan; adorea ematen digu ikasten jarraitzeko eta sexismoari uko egiten dioten gizonak izateko bestelako moduak bilatzeko.

Hori dela-eta, esker onez hartzen dugu, konpromisoa hartuta gizonei adierazten jarraitzeko emakumeekin batera hartu behar dugula gure gain berdintasunaren zirgatik tiratzeko eginkizuna… hainbeste emakumek betetzen duten eta gaurko egunean aldarrikatzen dugun eginkizuna. Beraiek dira, zuek zarete, gaur benetako protagonistak.

 

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: