Joan edukira

“ZAINTZA PARTEKATUARI” BURUZ GURE ADIERAZPENA

martxoa 20, 2015

PIPER TXURIAK-EN ADIERAZPENA “ZAINTZA PARTEKATUARI” BURUZ

Azken boladan urteetan aldaketak izan dira gure gizartean. Aldaketok emakumezkoek erdietsi dituzte gehien bat, baina gizonezkoei ere eragin diete eta errealitate sozial berri batera eraman gaituzte, non zaintza eta hazkuntza lanak ez diren soilik emakumeen ardura. Andrazkoak lortzen ari dira beren bizitzak euren kasa gobernatzea, sexismoak ezartzen dien bidetik askaturik; halaber, gizonezkoak  ulertzen hasiak dira hazkuntza eta zaintza lanak eurei ere badagozkiela, eta lan horiek on egiten dietela gainera.

Egoera berri honek eztabaida sozial bat eragin du adingabekoen zaintza gurasoei parteka esleitzea arautzeari buruz, jendeak “zaintza partekatua” esaten dionaz, alegia. Guk ez deritzogu zuzena esamolde honi, elkar ulertzeko baliogarria izan daitekeen arren, eta  beste batez ordeztea proposatzen dugu, haurrekin nahi dugun moduko harremana zuzenago deskribatzeko balioko duenaz. Esate baterako, “zaintza eta hazkuntza”.

Eztabaida honetan, berdintasunari buruzko irizpide okerra nagusitu ohi da, gurasoak banantzen direnerako. Hau da, adingabekoekiko denborak eta ardurak (zaintza partekatuak deritzena) banatzera jotzen da seme-alaben interesak beren aurreko testinguruarekin lotuta ez balego bezala. Hau da, banandu aurretik guraso bakoitzak  seme-alabei zelako dedikazioa, arreta eta beren beharrizanekiko zein ohiturekiko errespetua eskaini dien kontuan izan barik.

Arlo honetan, estatistikei eta gizartean ikusten denari jaramon egiten badiegu, argi ikus dezakegu oraindik ere andrazkoek ematen diotela konpromiso eta dedikazio handiagoa hazkuntzari, nahiz eta azken urteotan gizonen inplikazioa gero eta handiagoa egin den.

Honengatik guztiagatik uste dugu “zaintza” partekatua ezin dela ezarpen juridikotzat eman, baizik eta gurasotasun erantzukidearen emaitza desirragarri baten ondoriotzat. Zaintzak interes ekonomiko orotik kanpo, “zaindutako” adingabekoaren ongizate ez den interes orotik kanpo egon behar du.

Gure ustez, gizarte honetan nagusi den maskulinotasun eredu tradizionala aldatzea da erantzukidetasuna ezarriko duen edozein legediren bermea. Honek berekin dakar hazkuntzaren oinarrizko rolen banaketa orekatsua eta herri erakundeetatik gizonei begirako programak abian jartzea, hauek hurkoen zaintzan eta hazkuntzan esku hartzera bultzatzeko helburuz, baita eginkizun honetarako baliabideak ezartzea ere.

Bestalde, bagaude zaintza-lanak partekatu ahal izateko ezinbestekoa direla zenbait baldintza psiko-sozial eta material, esaterako, gurasoen artean behar bezalako komunikazioa, haien etxebizitzak gertu egotea eta gurasoek asti osagarria edukitzea. Izan ere, ez dira epaitegiak zaintza gauzatu behar dutenak, baizik-eta adingabekoen arduradun direnek.

Gainera, esan behar dugu sendi-epaitegiak, honelako kasuetako askotariko egoera eta zirkunstantziak judizialki aztertu eta erabaki behar dituztenak, lanez gainezka daudela, eta oso zaila dutela eragingarritasunez funtzionatzea.

ONDORIOZ: “zaintza eta hazkuntza” partekatua nahikari zilegi eta egokitzat hartu behar da. Hala eta guztiz, ez da eman behar adingabekoak bizi diren testuinguruari, gurasoaren trebetasun mailari edo haren/haien egoerari (denborazko baliabide eta bitarteko materialen aldetik) ezinezko egiten dutenean, adibidez) begiratu barik. Kasuz kasu aztertu beharko da, ez eskubidearen ezartze automatikoa.

Honengatik guztiagatik, ondokoa adierazi nahi dugu:

  1. Gurasoak bananduta bizi direnean, adingabeko seme-alaben zaintza partekatua* indarrean jarri behar dela baldin eta erabaki hori hobesten duen aurretiazko testuingurua badago, adingabekoen heziketa eta garapenerako aukera onena bada eta gurasotasun arduratsua gauzatu ahal izatearekin bat badator.
  1. Aukera honek, adingabekoekin zer ikusia duten guztiek bezalaxe, hauen onurako izan behar duela, beti ere beren interesak errespetatuz eta beren bizimodua eta ohiturak mantenduz. Era berean, guraso bakoitzak lehen izandako arreta eta dedikazioa ere kontuan izan beharko da.
  2. Bere izaeragatik, zaintza eta hazkuntza partekatuak ezinbestez eskatu behar duela gurasoak elkarrekin moldatzea, hazkuntzan trebatuak izatea, elkarren ondoan bizi izatea eta haien astia adingabekoen beharrizanak betetzeko egokia izatea.
  3. Arestiko baldintzak betetzen direnean, sendi-epaileek ebatziko dute zaintzaren gainean, eta hauek kontuan izango dute berdintasun printzipioa ez dela nahitaez guraso bakoitzak ardurak eta denborak berdin-berdinak izatea. Hortaz, zaintza gurasoetako bati bakarrik ematen diotenean, adingabekoen onurarako litekeen kalterik txikien gisa hartuko dute.
  4. Guraso biek partekatuko dituzte adingabekoen eta sendiaren etxeko gastuak, bakoitzaren baliabide material eta ekonomikoen arabera, eta beti ere babes handiena behar duen gurasoaren alde.

* Zaintza partekatua: gure ustetan, bereizita bizi diren gurasoek adingabeko seme-alaben kargak, ardurak eta denborak berdintasunez banatzea da

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: